megafonoa1
berriak
megafonoa2

CIC nanoGUNE eta Donostia International Physics Center (DIPC) ikerketa-zentroek Dayanne eta Murillo. Nanozientziaren indarra komikia aurkeztu dute gaur Donostian.

nanoKOMIK WEBKomikia 2016an nanofikziozko lehen komiki partaidetzazkoa sortzea helburu izan duen nanoKOMIK proiektuaren emaitza da eta horretarako Zientziaren eta Teknologiaren Espainiako Fundazioa (FECYT) – Ekonomia, Industria eta Lehiakortasun Ministerioaren dirulaguntza jaso du proiektuak. Ana Arrieta, UPV/EHUko Gipuzkoako campuseko errektoreordea eta Txema Pitarke (CIC nanoGUNE) eta Ricardo Díez Muiño (DIPC), nanoKOMIK proiektua antolatu duten zentroetako zuzendariak hartu dute parte ekitaldian.

Azken mendeko aurrerapen zientifikoek nanozientzia errealitate bilakatu dute. Mekanika kuantikoari esker, materian nanoeskalan agertzen diren propietate eta fenomenoak ulertzen ditugu eta mikroskopio handiei esker, atomoak banan-banan manipulatzeko gai gara. Zientzia alor honek eskaintzen dituen aukerak amaigabeak dira eta eragin nabarmena izango dute medikuntzatik hasi eta eraikuntzara doazen sektoreetan, gure bizimoduan aldaketa garrantzitsuak eraginez.

Errealitate horren jakitun, CIC nanoGUNE eta DIPC ikerketa-zentroek nanoKOMIK proiektua bultzatu dute, nanozientziaren eta nanoteknologiaren alorrean egiten diren aurrerapenek eskaintzen dituzten aukerak gizartean hedatzea eta gazteen sormena piztea helburu duen dibulgazio-proiektu kolektibo, multidisziplinar eta nazioartekoa, hain zuzen ere. Horretarako, nanoKOMIK erronkan murgildu ditu 12-18 urteko 200 gazte inguru, nanobotereak izango dituen komiki-superheroi bat sor dezaten, hau da, materiak eskala nanometrikoan dituen propietate txundigarrietaz baliatzen den heroia. Erronkara aurkeztutako ideiarik onenetan oinarrituta Dayanne eta Murillo. Nanozientziaren indarra dibulgazio-komikia sortu da.

Dayanne eta Murillo. Nanozientziaren indarra

Dibulgazio-komikiak gazteek erronkara aurkeztutako ideiarik orijinalenak biltzen ditu, Hodei Iparraguirre marrazkilariak eta Itziar Otegui (nanoGUNE) eta Amaia Arregi (DIPC) proiektuaren koordinatzaileek egindako berregite lanari esker. Lana eskuragarri dago creative commons lizentziapean euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez paperean zein formatu digitalean www.nanokomik.com webgunean. Gainera, Dayanne eta Murilloren istorioak Jotdown Kids aldizkarian berrargitaratuko dira datozen hilabeteetan.

Komikiaren aurkezpena proiektuaz gain erronkako lanik nabarmenenak biltzen dituen erakusketa ibiltariaren inaugurazioaren baitan kokatu da. Erakusketa Donostiako Carlos Santamaria zentroan egongo da ikusgai abenduaren 30 arte.